III. zatia · Bost irakurgaiak

Platonetik Beauvoirrera

Bost testu, bost kapitulu, eta denak forma berarekin. Lehenengoan sartu aurretik komeni da jakitea zer topatuko duzun eta, batez ere, zer ez.

Zati honek aipuekin egiten du lan, ez obra osoekin. Ikasturte bakoitzeko testuak USaPeko koordinazioak finkatzen ditu eta urte batetik bestera alda daitezke; koaderno honek ez ditu osorik inprimatzen. Eskatu irakasleari zure ikasturterako hautatutako testu osoak: beharko dituzu, gelan irakurtzen direlako eta irakurri gabe ondo erantzuten ez diren galderak daudelako.

Kapitulu bakoitza probak benetan erabili dituen aipuen gainean doa. Ez dira gure hautaketa bat ez obraren laburpen bat: azterketetan agertu diren mozketa zehatzak dira, aurrean izango duzun itzulpen zehatzarekin. Hortik dator batzuetan esaldi erdian hastea edo amaitzea. Hala mozten zituen azterketak eta hala emango zaizkizu.

Eta lau gauza ez ditu egiten zati honek, bila ez ditzazun. Ez du inoren obra osoa errepasatzen. Ez dizu egile bati buruz «jakin behar den guztia» ematen: hori eskuliburuan dago, eta hemen zein ataletan esaten zaizu. Ez du egile bakoitza aurkari finko batekin ezkontzen, 2026tik konparaziorako beste muturra zuk hautatzen duzulako. Eta ez du agintzen aipu bat eroriko denik. Testu bat asko erabili izanak zerbait esaten du probaren iraganaz eta ezer ez ekainaz.