12. gaia · Ezagutza eta egia
Segur gara beraz, eguzkiak adierazten dituen bezala, aldi berean, bere burua eta ilunbeak, egia ere, halaber, bere buruaren eta gezurraren araua dela.
—Baruch Spinoza, Etika, II, 43. proposizioa · Xarritonen itzulpena (Klasikoak, 1997)
Egiak ilusioak dira, halakoak direla ahaztu zaigun ilusioak; higatu eta indar sentigarria galdu duten metaforak; irudia galdu duten txanponak, jada ez baitira txanpontzat hartzen, metaltzat baizik.
—Friedrich Nietzsche, Über Wahrheit und Lüge im außermoralischen Sinne (Egiaz eta gezurraz, moralaz kanpoko zentzuan) · Clauderen itzulpena, alemanetik
§46 · Ezagutzaren subjektua eta objektua
Ezagutza pertsonok dugun zerbait da. Guk geuk egiten dugu ezagutzeko ekintza, eta, horregatik, eragile garen aldetik, gu gara ezagutza-ekintzaren subjektua. Ezagutzen dugun hura, alderantziz, gure ezagutzaren objektua da. «Zuhaitz hori berdea da» esaten badut, ni naiz subjektua, zuhaitza den objektuaz zerbait baieztatzen duena.
Ezagutza-ekintzan rol horiek ezinbestean gertatzeak berekin dakar konplexutasun bat. Ezin dugu bestela ezagutu, subjektu gisa baizik. Eta, subjektu garen aldetik, gure hautematearen eta gure gaitasun kognitiboen arabera ezagutzen dugu —pentsamendua, oroimena, arrazoibidea—, baita gure emozioen eta esperientzien arabera ere. Arazotsua litzateke zuk errealitateaz duzun bertsioa errealitatea bera dela nahastea. Errealismo inozoa delakoan erortzen ariko zinateke: gauzak ikusten ditugun bezalakoxeak direla sinestea (§54).
Hala, ez ditugu gauzak diren bezala ezagutzen: agertzen zaizkigun bezala ezagutzen ditugu. «Zuhaitza berdea da» diogunean, beharbada egokiago esan beharko genuke «zuhaitz hori berdea iruditzen zait» edo «zuhaitz hori berde agertzen zait». Horrela hitz egingo bagenu, markatuta geratuko litzateke gure ezagutzaren eta gure diskurtsoaren —gure ezagutzaren alde subjektiboaren— eta objektuaren beraren —nire interpretaziorik gabekoaren— arteko aldea; azken hori da alde objektiboa.
Zoritxarrez edo zorionez, ezin dugu objektua bere baitan ezagutu; ez gara ezagutza objektibo hutserako gai. Ezagutza oro, beraz, subjektiboa da. Gauzak modu bakarrean ikusten ditut nik: gainerakoek ikusten dituzten moduaz bestela, eta diren moduaz bestela, baldin eta arazoa horrela planteatzeak zentzurik badu.
Horrek ez du esan nahi ezin garenik saiatu, gure subjektibotasunetik urrunduz, objektua bere baitan denetik hurbilago dagoen ezagutza batera gerturatzen. Gogoan izan: ezin dugu subjektibotasuna erabat gainetik kendu. Baina hainbat gauza egin ditzakegu haren muturrik kaltegarrienak arintzeko. Horixe egiten saiatzen da zientzia. Jarrera filosofikoak iradokitzen diguna da gure ezagutza-prozesuak aztertzea, kontziente egin gaitezen ezagutzara iristeko moduan inplikatuta dauden faktore guztiez, bai eta ezagutzeak zer esan nahi duen eta zer ezagutu dezakegun eta zer ez —eta nola— jakiteaz ere. Horixe da epistemologiaren aztergaia.
§47 · Ezagutzaren mailak eta egiatasuna
Iritzia eta burutazioa. Iritzia ematen dugunean, ez gaude ziur, ez subjektiboki, ez objektiboki, gure baieztapenaren egiaz. «Nire iritziz, x» edo «nire ustez, x» esaten badut, ziurgabetasuna adierazten ari naiz, bai neure konbentzimenduaz, bai «x»-en errealitateaz. Iritziek gogoeta eta egiaztatze arin bat dute atzean, eta bizkorrak izan beharko genuke haiek baztertzeko, ebidentzien argitan.
Ezagutza-maila are apalagoa dago burutazioan: une jakin batean bat-batean sortzen zaigun zerbait da, inolako proba edo gogoetarik gabekoa. Hainbestetan eta hainbestetan nahi izaten dugu burutazioa iritzitzat pasarazi, non merezi baitu gure baieztapenen aurrean gelditzea, burutazioak identifikatzeko.
Ustea. Usteak konbentzimendu subjektiboa du, baina ez (egia objektiboaren) nahikoa frogarik. Zerbait uste dugunean, nahitaez egiazkoa ez den zerbaitez gaude konbentzituta. Egiazkoa izan daiteke, jakina, baina ez dugu baieztatu, ziurtatu edo egiaztatu.
Ezagutza edo jakintza. «Badakit x» edo «ezagutzen dut x» diogunean, baieztapen bat egiten ari gara, bai «x» nolabaitekoa delako dugun konbentzimenduaz, bai «x» nolabaitekoa izatearen egiaz. Jakiteak edo ezagutzeak, beraz, aldi berean egiten diote erreferentzia gure psikologiari eta errealitateari. Ezagutzaren mailarik gorena da.
| Alderdi subjektiboa | Alderdi objektiboa | |
|---|---|---|
| Iritzia | Ziurgabea | Ziurgabea |
| Ustea | Ziurra | Ziurgabea |
| Ezagutza | Ziurra | Ziurra |
Jakintzaren izaerak berak oso zail egiten du hainbat eta hainbat objektu eta gairi buruzko ezagutza lortzea. Banaka, ia ezinezkoa da. Sozialki, zientziaren tresna dugu, ezagutza objektiboan eta haren egia frogatzeko bideetan sakontzen saiatzeko. Horregatik, hainbat eta hainbat auziri buruz iritzi hutsak baino ezin ditugu izan. Zenbait kasutan usteak, beharbada; baina usteek badute nolakotasun engainagarri bat: faltsukeriez konbentzituta egon gaitezke. Jarrera filosofikoak eskatzen digu gure ideietan ezagutza ezartzen saia gaitezela, ez usteak edo iritziak.
Bada beste kontu bat, aipatu nahi dudana: ezagutzaz hitz egiteko erabiltzen ditugun hitzena, eta ezagutza hori nola komunikatzen dugunena.
Asmoak ere axola du. Ezagutza horiek komunikatzen saiatzen garenean, faktore gehigarri bat hartu behar dugu kontuan: hiztunaren asmoa. Behin iritzi, uste edo ezagutza bat buruan dugula, ulertzen dugun bezalaxe adieraz dezakegu, edo besterik esan. Okerren batengatik bada, ez dugu orain landuko. Baina engainatzeko asmoz bada, orduan izena jarri behar diogu fenomenoari. Hainbat egoera desberdin daude horri dagokionez:
- Gertaera egiazko bat ezagutu eta datu faltsu bat ematen dudanean, engainatzen ari naiz, iruzurti jokatzen edo gezurretan. Everestek 8848 m dituela jakinda Everestek 10 000 m dituela esaten badut, gezurra diot. Gainera, faltsukeria bat diot, edo datu faltsu bat ematen dut.
- Zerbait egiazkoa dela konbentzituta nagoenean, hala denean eta dakidan bezalaxe esaten dudanean, egiati ari naiz izaten. Everestek 8848 m dituela jakinda Everestek 8848 m dituela esaten badut, egiati ari naiz izaten.
- Zerbait egiazkoa dela konbentzituta nagoenean, baina egiaz hala ez denean, faltsukeria bat diot, baina ez nago gezurretan. Egiati ez bada ere, zintzo ari naiz izaten, bederen. Everestek 10 000 m dituela konbentzituta banago —iturri serio batean irakurri dudalako, konfiantzazko norbaitek esan didalako edo buruan zenbakia nahastu dudalako—, eta Everestek 10 000 m dituela esaten badut, faltsukeria bat esaten ari naiz, edo datu faltsu bat ematen, baina ez nago gezurretan: egiati edo zintzo ari naiz izaten.
- Gertaera bat ezagutzen ez dudanean, edo datu faltsu batez konbentzituta nagoenean, baina, engainatzeko asmoz, kasualitatez datu egiazko bat ematen dudanean, gezurretan ari naiz eta, aldi berean, egia esaten. Honentzat ez dut izen egokirik ezagutzen. Alegia, Everestek 10 000 m dituela konbentzituta banago eta norbaiti 8848 m dituela esaten badiot, datu faltsutzat dudana emango dut, nahita; beraz, gezurretan edo engainatzen ariko naiz, baina, aldi berean, egia esaten, horixe baita mendi horren garaiera.
§48 · Egiaren teoriak
Zerbaitek argi egon behar badu filosoforik mesfidatien eta eszeptikoenentzat ere, hauxe da: zerbait egiazkoa bada, egiazkoa dela, eta hala ez bada, faltsua izango dela, ezta? Azken batean, Aristotelesek esana da jadanik, Metafisikan (IV, 7):
Izan ere, «den-a» ez dela edo «ez den-a» badela esatea faltsua da, eta «den-a» badela eta «ez den-a» ez dela esatea, ordea, egiazkoa da.
—Aristoteles, Metafisika (IV, 7) · Agirreren itzulpena (Klasikoak, 1997)
Printzipio hori egiaz dugun kontzepzio kulturalaren oinarrian dago, eta intuitiboa iruditzen zaigu; baina ez dago arazorik gabe, eta, horregatik, egiari buruzko hainbat ikuspegi edo teoria posible sortu dira, bai haren definizioari dagokionez —zer da egia?—, bai egia nola erdiesten den ezartzeko bidea ematen diguten irizpideei dagokienez. Jarraian, Historian eragin handienekoak izan diren batzuk arakatuko ditugu.
Egia korrespondentzia gisa
Aristoteles (384-322 o.a.a.). Egia errealitateari buruzko proposizio edo baieztapen baten eta errealitate objektiboaren arteko korrespondentzian datzala proposatu zuen nagusia Aristoteles izan zen, ikusi berri dugunez. Egia ikusteko modu honen arabera, egokitasun bat gertatzen da, doikuntza edo ahokadura bat, proposizioak dioenaren eta errealitatea denaren —gauzen egoeraren— artean.
«Euria ari du» esaten badugu, eta atmosferatik ura erortzen ari bada, gure proposizioa egiazkoa izango da. Atmosferatik urik erortzen ari ez bada, gure proposizioa faltsua izango da.
Akinoko Tomas (1225-1274) Erdi Aroko pentsalaririk indartsuenetako bat izan zen, kristaua, eta bere egiaren kontzepzioa bere erlijiora egokitu zuen. Haren ustez, giza hizkuntzan eta pentsamenduan aurkitzen dugun egia Jainkoaren gogamenean dagoen egiarekin zegoen korrespondentzian; hau da, egia jainkozkoa da.
Bertrand Russellek (1872-1970) jarrera aristotelikoan sakontzen du. Egia kanpoko errealitatea egoki irudikatzean datza; errealitate hori objektiboa da, eta gure usteekiko eta gure hautemateekiko independentea. Lan handia egin zuen logikaren alorrean, hizkuntzaren eta hark munduaz egiten duen irudikapenaren artean zer erlazio dagoen erakusten saiatzeko. Russellen arabera, egia egia da, nork esaten duen gorabehera; hau da, munduko gauzen egoerari buruzko baieztapen bat egiazkoa bada, berdin dio zein diren gure gainerako usteak: egiazkoa izaten jarraituko du.
Kritika. Aukera hauekin guztiekin egiaren irizpidea ezarrita izango dugu, baina arazo izugarri batekin jarraitzen dugu: nola egiazta dezakegu gure proposizioek diotena, benetan, munduko gauzen egoerarekin korrespondentzian dagoela? Euria ari zuela esan badut, ba al dakit bereizten euria ari duen ala norbait nire leihoaren aurrean ureztatzen ari den, leiho horretatik baino ezin badut kanpora begiratu? Pagasarrik 671 m dituela esango banu, eta ez badut altimetrorik, ezta hori egiaztatzeko behar diren ezagutza trigonometrikorik ere, nola jakingo dut egia den ala ez? Imajinatu zer egoeratan geratzen den ikusi ere ezin ditugun gauzez diogun proposizio orori egia-balioa egozteko aukera.
Egia koherentzia gisa
Koherentisten ustez, proposizio bat egiazkoa da sistema bateko beste proposizio batzuekin ahokatzen bada, hau da, haiekin koherentea bada.
\(3 + 5 = 8\) proposizioa ez da egiazkoa munduko gauzen egoeraz zerbait dioelako, guk sortu dugun matematika-arauen multzoarekin koherentea delako baizik. Matematikak axiomen eta proposizioen sistema bat osatzen du, eta horien artean dago \(3 + 5 = 8\). Ez bageneki zer diren zenbakia, batuketaren ikurra edo berdin-ikurra, proposizioak ez luke zentzurik izango, ezta egiazkoa izango ere; egiazkoa da termino horiek guztiak elkarri lotutako modu jakin batean definitu ditugulako. Eta gertatzen da \(3 + 5 = 8\) koherentea dela arau-sistema horretan.
Filosofo koherentistak izan ziren, besteak beste, Immanuel Kant (1724-1804) eta G. W. F. Hegel (1770-1831). Eta ez idealistak bakarrik: XX. mendean, Vienako Zirkuluko positibista logikoak ideia berera itzuli ziren, deskribatu gabeko errealitateari ez baitago inondik begiratzerik: enuntziatu bat beste enuntziatu batzuekin baino ezin da konparatu1.
Kritika. Eta sistema koherente bat baino gehiago badago? Adibide deseroso batekin planteatzen da: «Jane Austen bere ohean hil zen» eta «Jane Austen hilketa batengatik urkatuta hil zen»: biak ahokatzen dira kontakizun koherente banatan, eta bietako bat bakarrik da egiazkoa. Koherentistak, orduan, esan behar digu zein den sistema ona, eta, esaten duen unean bertan, koherentzia ez den zerbaitetara jotzen du2.
Egia erabilgarritasun gisa: pragmatismoa
William James (1842-1910), Charles Peirce (1839-1914) eta John Dewey (1859-1952) filosofo pragmatistak izan ziren. Hona haien maxima:
Objektu bati buruz dugun kontzepzio osoa haren efektu praktiko pentsagarri guztiei buruz dugun kontzepzioa da3.
Hau da, objektuak ez dituzte gauza gisa ulertzen, efektu praktikoen multzo gisa baizik. Definizio ez-pragmatista edo tradizional batean, esango genuke mailu bat zenbait ezaugarri edo atributu dituen objektu bat dela: metalezkoa da, zurezko kirtena du, eta iltzeak iltzatzeko balio du. Definizio pragmatista amaieratik hasiko litzateke: mailu bat erabileren, funtzioen eta testuinguruen multzoak definitzen du. Gainera, eraginkorra izan behar du. Hala, haren ezaugarriak ez dira garrantzitsuak; haren erabilera eta xedea baino ez, giza jardueren testuinguruan.
Hala, uste bat egiazkoa izango da bere ondorio praktikoen arabera, eta benetako bizitzako egoeretan dituen emaitza positibo eta onuragarrien arabera. Testuinguru eta egoera desberdinetan praktikoa, positiboa eta onuragarria dena desberdina izan daitekeenez, egia ere neurri berean aldatuko da. Beraz, egia erabilgarria eta dinamikoa da, ez abstraktua eta aldaezina.
Kritika. Russell berriro, Jamesen aurka: zerbait sinesteak on egiten badit, horregatik bihurtzen al da egiazko? Papa Noelengan sinesteak haurtzaro oso bat alaitzen du, eta Papa Noelik ez dago. Objekzioak bereizi egiten du pragmatismoak batu zuena: uste batek funtzionatzea eta egiazkoa izatea. Peircek beste alde batetik blindatua zuen: egiazkoa da nahikoa ikertuz gero edonor azkenean bat etorriko litzatekeen iritzia4.
Egia eraikuntza sozial gisa
Konstruktibismo epistemologikoaren ustez —horrela deitzen diogu ezagutzari buruzko tesia delako, ez dagoenari buruzkoa (§72)—, giza ezagutza sozialki eraikia dago; ez da kanpoko errealitatearen ezagutza zuzen eta objektiboaren emaitza. Kategoria sozial eta kulturaletatik hautematen eta pentsatzen dugu. Mundua gugandik independenteak diren errealitateen multzo bat da, eta ez dugu haietara zuzeneko sarbiderik; gu mundu horren azalpen-ereduetan bizi gara, beren dinamika propioak dituztenetan: geure munduetan edo, gehienez ere, kulturalki partekatuetan. Zientzia bera ere ez da mundua interpretatzeko erabiltzen ditugun giza sorkarien multzo bat besterik, egitate objektiboen aurkikuntza bat izan beharrean. Hori bai: eraikuntza aktiboa eta dinamikoa da; hau da, parte hartzen dugu bertan, eta aldakorra da.
Berger eta Luckmann. Tesiak baditu liburua eta data: 1966an, Peter L. Berger (1929-2017) eta Thomas Luckmann (1927-2016) soziologoek The Social Construction of Reality (Errealitatearen eraikuntza soziala) argitaratu zuten, eta bertan diote «mundu guztiak dakiena» fabrikatu, transmititu eta sostengatu egiten dela, beste edozein instituzio bezalaxe5.
Konstruktibisten ustez, mundua koloretako kristalak dituzten betaurrekoekin ikusten dugu, ez kristal gardenekin. Eta gure betaurrekoen kristalaren kolorea gure sozializazioak, gure kulturak eta gure esperientzia pertsonalek zehazten dute.
Funtsean, erlatibismo epistemologiko bat da, banako desberdinek edo kultura desberdinek modu desberdinak baitituzte beren munduak —zeinetan bizi baitira— hauteman, interpretatu eta eraikitzeko. Ideia hori muturreraino eramaten badugu, mundua ikusteko modu bakoitza gainerakoak bezain baliozkotzat joko dugu, bere zirkunstantzia partikularrek azaltzen baitute. Beraz, egia gertaerak aztertzeko erabiltzen ditugun kategoria sozialki eraikien araberakoa izango da.
Kritika. Objekzioa Platon (427-347 o.a.a.) bezain zaharra da; hark Protagorasi egin zion: egia oro hura defendatzen duenaren kategorien araberakoa bada, zeren araberakoa da tesi hau bera? Edo guztiontzat balio du, eta orduan bada eraikia ez den egia bat; edo baieztatzen duenarentzat bakarrik balio du, eta orduan konstruktibista ez da zurekin eztabaidatzen ari: berak gauzak nola ikusten dituen kontatzen dizu, besterik ez6.
Pluralismoa
Orain arte ikusi ditugun teoria guztiek modu unibokoan ulertzen dute egia: errealitatearekin dago korrespondentzian, edo aurretiazko proposizio-multzo batekin, edo praktikoa gertatzen da, edo inguratzen gaituen giro soziala da; baina kasu guztietan egiaren bertsio jakin batera irits daiteke bat.
Pluralismoak errealitatearen esparru desberdinetarako egia-irizpide desberdinak daudela proposatzen du. Ezin dugu egia-irizpide bera erabili zientziarako eta moralerako edo arterako. Esparru horietako bakoitzak —eta beste batzuek— bere egia-irizpideak izan ditzake, besteekin interferitu gabe eta haiekin kontraesanean sartu gabe. Beraz, egiak alderdi asko ditu, eta testuinguruaren araberakoa da.
Crispin Wright. Baditu egilea eta liburua: Crispin Wrightek (1942-) Truth and Objectivityn (1992) defendatu zuen «egiazkoa» beti arau minimo gutxi batzuen mende dagoela, eta arau horiek, zertaz ari garen, propietate desberdinek bete ditzaketela: korrespondentziak fisikan, koherentziaren antzekoago den zerbaitek matematikan edo moralean.
Kritika. Eta zer egiten duzu esparruak esaldi bakar batean nahasten dituzunean? «Errugabeak hiltzea gaizki dago eta \(3 + 5 = 8\)» konjuntzio egiazkoa da7; baina nola egiazkoa, erdi bakoitza bere erara bada? Gauza bera esparruak gurutzatuz arrazoitzen duzun orduko: premisetatik ondoriorako urratsak egia gordetzen badu, zein egia gordetzen du?
Koherentisten zerrenda Spinoza, Kant, Fichte eta Hegelengandik idealista britainiarretara doa, eta handik Hempel eta Neurathengana: Young, J. O. (2026). The Coherence Theory of Truth. In E. N. Zalta eta U. Nodelman (arg.), The Stanford Encyclopedia of Philosophy (Spring 2026 arg.). https://plato.stanford.edu/archives/spr2026/entries/truth-coherence/↩︎
Espezifikazioaren objekzioa izenez ezagutzen da, eta Bertrand Russellena da (1907). Russellek darabilen adibidea Stubbs apezpikuarena da; Jane Austenena horrela formulatzen du Youngek (2025), lehen aipatuak.↩︎
Maxima Peircerena da, eta «How to Make Our Ideas Clear» artikuluan («Gure ideiak nola argitu», Popular Science Monthly, 12, 1878ko urtarrila) argitaratu zen; jabari publikoan dago. Jatorrizkoan: «Consider what effects, which might conceivably have practical bearings, we conceive the object of our conception to have. Then, our conception of these effects is the whole of our conception of the object».↩︎
Legg, C. eta Hookway, C. (2024). Pragmatism. In E. N. Zalta eta U. Nodelman (arg.), The Stanford Encyclopedia of Philosophy (Winter 2024 arg.). https://plato.stanford.edu/archives/win2024/entries/pragmatism/↩︎
Berger, P. L. eta Luckmann, T. (1966). The Social Construction of Reality: A Treatise in the Sociology of Knowledge. Doubleday. Galdera hori laborategira gero eraman zuena ezagutzaren soziologiaren programa sendoa (strong programme) izan zen, Barry Barnesena eta David Bloorrena, Edinburgon.↩︎
Argudioa Platonen Teeteton dago, 171a-c, Protagorasen aurka, eta peritrope deitzen zaio, «argudioaren itzulikatzea». Haren egungo forma: Baghramian, M. eta Carter, J. A. (2025). Relativism. In E. N. Zalta eta U. Nodelman (arg.), The Stanford Encyclopedia of Philosophy (Spring 2025 arg.). https://plato.stanford.edu/archives/spr2025/entries/relativism/↩︎
Wright, C. (1992). Truth and Objectivity. Harvard University Press; eta Lynch, M. P. (2009). Truth as One and Many. Oxford University Press. Konposatu eta inferentzia mistoen arazoak: Pedersen, N. J. L. L. eta Wright, C. (2023). Pluralist Theories of Truth. In E. N. Zalta eta U. Nodelman (arg.), The Stanford Encyclopedia of Philosophy (Fall 2023 arg.). https://plato.stanford.edu/archives/fall2023/entries/truth-pluralist/↩︎