I. unitatea · Filosofia berari buruzko gogoeta filosofikoa
Pentsatzeko tresna: tranbia
Tranbia bat errailetan behera dator, balaztarik gabe. Aurrerago, errailei lotuta, bost pertsona daude, harrapatuta hilko direnak: inork ezin die abisatu, eta jada ez dago bagoia gelditzeko modurik. Zu bagoia albo-bide batera desbideratuko lukeen palankaren ondoan zaude. Bide horretan pertsona bat dago lotuta. Bakar bat.
Palanka ukitzen ez baduzu, bost hilko dira. Ukitzen baduzu, bat hilko da, eta zuk eskua mugitu duzulako hilko da.
Mugituko duzu?
Erantzun irakurtzen jarraitu aurretik, ozen behar bada. Eta orain aldatu kasuari pieza bat: albo-bideko pertsona zure ama da. Gauza bera erantzuten duzu?
Erantzuna aldatu baduzu, arazo bat duzu mahai gainean, zenbakiak ez baitira aldatu. Eta aldatu ez baduzu, orduan ere baduzu bat, seguru asko esateko prest ez zeunden zerbait esan berri duzulako1.
Filosofiaren arazo handietan barrena abiatu aurretik, komeni da filosofia berari erreparatzea: zer den, zertan bereizten den zientziatik, erlijiotik, zuzenbidetik edo artetik, eta zer tresnarekin egiten duen lan. Lehen unitate hau, nolabait esateko, ikasturteko gainerako guztiaren erabilera-eskuliburua da.
Filosofia definitzen hasiko gara, eta berezkoak dituen galderak ezagutzen ikasiko dugu; ikusiko dugu nola igaro zen pentsamendua, antzinako Grezian, mitotik logosera; filosofiaren adarrak eta gaurkotasuna errepasatuko ditugu; eta praktikoenarekin amaituko dugu: metodoak, argudiozko elkarrizketa eta disertazio filosofikoa, horiek izango baitira zure lan egiteko modua urte osoan.
Daniel Dennettek (1942-2024) intuizio-ponpak deitu zien: intuizio biribil eta berehalako bat eragiteko eraikitako istorio laburrak. Gaztelaniazko «bomba» da hor anbiguoa —lehergailua iradokitzen du—; euskarazko ponpak jatorrizko ingelesezko pump haren ur-ponpa berreskuratzen du: intuizioak punpaka ateratzeko tresna, ez lehergailua. Hiru klasiko: Platonen haitzuloa, Descartesen jeinu gaiztoa eta Hobbesen natura-egoera; azken biak hemen zain dituzu, eta haitzuloa, datorren ikasturtean. Dennett, D. C. (2015). Bombas de intuición y otras herramientas del pensamiento. Fondo de Cultura Económica.↩︎