IV. unitatea · Metafisika

Errealitatea eta erreala dena

Pentsatzeko tresna: Uganda eta Spiderman

Ugandako herrixka batean hirurehun bat lagun bizi dira. Lurra lantzen dute, abereak zaintzen dituzte, denek elkar ezagutzen dute eta elkarri laguntzen diote. Izena, aurpegia eta historia dute, eta goizero esnatzeko ohitura, zuk bezalaxe. Duela hamar segundora arte ez zenekien existitzen zirenik, eta hemendik pixka batera ahaztuta izango dituzu.

Pentsatu orain Spidermanengan. Badakizu nor dagoen maskararen azpian, badakizu zertaz hil zen haren osaba, luze eztabaida zenezake ea egoera jakin batean asmatu ala huts egin zuen, eta litekeena da iritzia izatea zein aktorek egiten duen hobekien.

Spiderman ez da existitzen. Herrixkako hirurehunak, bai.

Bietatik zein da errealago zuretzat?

Eta herrixka erantzuten baduzu, gauza bat delako existitzea eta beste bat ezagutzea, galderak buelta ematen dizu eta okerrago jartzen da: zertan nabaritzen da? Zer egiten du, zehazki, hirurehun pertsona horien existentziak, gaur, zure bizitzan, Spidermanenak egiten ez duenik?


Metafisika, tradizioz, izateaz eta existentziaz aritu izan den Filosofiaren adarra da. Izatearen kontzeptuak dakarren abstrakzio handiak zail egiten du metafisika atzematea eta ulertzea.

Zailtasun hori gorabehera, metafisikaren ohiko arazoak sakonki filosofikoak dira, eta, beraz, haiei aurre egin behar diegu. Azken batean, izan aditza etengabe erabiltzen dugu. Esaten dugu: ni «zure izena» naiz, zuhaitza (berdea) da, nire ideia bikaina da, arratsaldeko hirurak dira, komunista naiz, nire bizilaguna ederra da, hiru gehi hiru bost dira, Spiderman nire superheroirik gogokoena da, etab. Ikus dezakezunez, izan terminoak adiera eta erabilera-modu desberdinak ditu adibide horietako bakoitzean. Horregatik hitz egiten dugu kategoria eta izaera desberdinez. Gainera, zerbait badela esaten dugunean, bi konnotazio ematen dizkiogu: esentzialtasuna eta iraunkortasuna, itxuraren eta iragankortasunaren aurrez aurre.

Jarraian, metafisikaren gai klasiko batzuk landuko ditugu —izatea eta izaerak, denbora, errealitatea eta haren izaera gorena—, metafisikaren —eta gizateriaren— erronka berriei buruzko gogoetekin batera: adimen artifiziala.