III. unitatea · Epistemologia

Ezagutzaren eta egiaren arazo filosofikoa

Pentsatzeko tresna: jertsea

Jertse bat oparitzen dizut. Artile onezkoa da, garbi dago, zure neurrikoa da eta ondo geratzen zaizu. Jantzi aurretik, gauza bat gehiago esango dizut: serieko hiltzaile batena izan zen, eta soinean eramaten zuen.

Jantziko duzu?

Ia inork ez du janzten. Eta interesgarria ez da erantzun hori, erantzuna justifikatzen saiatzean gertatzen dena baizik. Badakizu artileak ez duela ezer gordetzen. Badakizu jertsea garbitu egin dela, gaiztakeria ez dela substantzia bat, eta ez dagoela inolako mekanismorik gizon baten biografia ehun bati itsatsita gera dadin. Benetan dakizu: kontrakoa defendatzeko eskatuko banizu, ezingo zenuke.

Eta, hala ere, ez duzu janzten.

Itsu-itsuan sinesten duzun eta, aldi berean, defendatu ezin duzula dakizun gauza bat baldin badago, galdera interesgarria ez da jada jertsea. Galdera da zenbat gehiago dauden hor barruan, eta nola bereizten diren, barrutik, defendatzeko gai izango zinatekeen haietatik.


Gizakiak ez diren animaliak beren instintuei jarraituz bizi eta jarduten dira, eta instintu horiek geneetan kodetuta daude. Ez dute kezkatu beharrik instintuak zuzenak ote diren, hau da, biziraupenerako baliagarriak ote diren. Nahiz eta hobe den esatea ezin direla haietaz kezkatu. Bizitzako esperientziek haien erreakzioetan eragingo dute —ikasi egiten dute—, baina ezin dira gelditu hausnartzera ea udan ezkurrak pilatzea estrategia ona ala txarra den eta nola hobetu; ea iritsi den hegoaldera migratzeko garaia, negua han pasatzeko; edo ea otsoak jan ez dezan beste modurik badagoen, izu-ikaraz korrika ihes egiteaz gainera.

Giza animaliok ere, guk, instintuak ditugu, bereziki biziraupen-erreakzioei dagokienez. Baina ez dira aski naturan bizirauteko, eta zer esanik ez bizitza on bat izateko. Zer egingo dugu, orduan, Naturak ez badigu eman bizirauteko eta bizitza on bat izateko tresnarik? Tira, ez da egia tresna horiek ez ditugunik. Kontua da instintu hutsa baino sofistikatuagoak direla. Mila aldiz entzungo zenuen gizakia animalia arrazionala dela. Egokiagoa iruditzen zait esatea arrazoitzeko gaitasuna dugula.

Gauza bera dirudi, baina ez da. Animalia arrazionalak garela esateak badirudi inplikatzen duela arrazoitzea dela gure ezaugarri nagusia, denbora guztian egiten dugula, edo beste gauza batzuen aurretik edo gainetik egiten duguna dela. Errealitatea da pentsatzen dugunaren zatirik handiena automatikoki edo oharkabean egiten dugula. Gure pentsamenduaren zati txiki bat baino ez da nahita egina. Zati txiki hori ere ez da purua, aurrerago azalduko dizudan bezala, eta ez gara huts egiten ez duten pentsatzeko edo kalkulatzeko makinak. Arrazoitzeko gaitasuna dugula esaten badugu, aditzera ematen dugu egin dezakegun edo ez dezakegun zerbait dela.

Izan ere, pentsatzea oso garestia da. Egin dezakegu, baina denbora eta ahalegin handia eskatzen ditu. Gainera, inork ez digu bermatzen gure pentsamenduaren fruitua ona, baliagarria edo egiazkoa izango denik. Badirudi oso jarduera esker txarrekoa dela. Filosofoak, ordea, ez du pentsatzea beste erremediorik.

Kultura. Alde batetik, gizakiok gure ordez pentsatu duten arbasoen historia luzea dugu. Hori abantaila handia da. Gure aurretik izan diren pertsonei esker, hizkuntza, etxeak, nekazaritza eta jantziak ditugu. Baita telesailak, telefono mugikorrak eta erlijioak ere. Ideia politikoak eta oporrak. Eskolak eta ospitaleak.

Imajinatu nolako bizitza izango zenukeen zure arbasoengandik ezer jaso izan ez bazenu, gizaki bakoitzak edo gizaki-belaunaldi bakoitzak dena hutsetik asmatu behar izango balu, gizakiak ez diren animaliei gertatzen zaien bezala. Zorte handia da gure egoera hori ez izatea, kulturari esker. Kultura aurreko belaunalditik jasotzen dugun tresna, ideia eta balioen multzo egituratua da, bizitzan gidatzeko, bizirauteko eta aurrera egiteko erabiliko duguna.

Kulturari esker, zure bizitza gauza interesgarriago, atseginago eta ez hain arriskutsuetan eman dezakezu, oihanean janaria bilatzen eta zure harrapariengandik bizirauten saiatzen ibili beharrean, jakin ere jakin gabe zein landare jan dezakezun eta zein diren hilgarriak.

Ausartzen naiz esatera gizarteari eta haren kulturari esker gure biziraupenaren arazo praktiko gehienak hasieratik konponduta ditugula, haiei ekarpenik egiteko ahaleginik egin beharrik gabe. Zorte itzela da!

Ikusten dugunez, gure arbasoen pentsamenduaren erabilera, haien esperimentuak eta haien aurkikuntzak kulturan kodetu izana konbinatzea guztiz onuragarria da guretzat. Konponbideak, baliabideak, aukerak eta abaguneak ematen dizkigu, gure bizitzak nolabaiteko lasaitasunez eta segurtasunez gara ditzagun.

Kulturak ez du dena konpondu. Kontua, jakina, ez da hain sinplea, ezta beti hain positiboa ere. Gure arbasoek asko esperimentatu, hausnartu eta arriskatu bazuten ere kultura guri uzteko, urrun gaude denontzako existentzia atsegin eta arazorik gabekoa lortu izatetik. Kulturak ematen dizkigun baliabideekin batera, gizarte-desberdintasunak, gerrak, diskriminazioa eta beste ondorio txar batzuk ere badatoz.

Batzuetan, kulturak opari pozoituak ekartzen dizkigu. Gure bizitza seguruago, erosoago eta atseginago egiten duten aurrerapen berberak dira gure espeziearen existentzia-baldintzak suntsitzeko mehatxua egiten dutenak. Pentsatu autoek, hegazkinek eta fabrikek eman dizkiguten aukeretan. Pentsatu orain berotze globalaren mehatxuan, bizitza erraztu diguten tresna haiexek eragindakoan.

Kultura egokitzailea izan ohi da. Hau da, gizabanako gisa eta talde gisa bizirauteko ditugun aukerak handitzeko joera du. Baina ez da perfektua, zentzu honetan: ez du lortzen gu guztiok erabat, berdintasunez eta betiko egokitzea. Gehienok abiapuntu on batean jartzen gaitu, kulturarik ezak guztiok 0. laukitik abiaraziko gintuzkeen egoera harekin alderatuta; baina batzuk beste batzuk baino puntu hobean, haien inolako meriturik gabe.

Beraz, lana ez dago amaituta, ezta hurrik eman ere. Arazo askorentzat konponbideak baditugu ere, ez ditugu arazo guztiak behin betiko eta behar bezala konponduta. Beraz, pentsatzen jarraitu behar dugu; pentsatzea ez da apeta bat.

Egiteke dugun pentsamendu hori ez da mugatzen gizateriak aurrean dituen arazo handietara. Errealitateaz ditugun azalpenek ez digute beti funtzionatzen. Bizitzaren aurreko jarrera estandarra da ezarritakoaren aginduei jarraitzea: tradizioari, kulturari, sen onari, gehiengoak dioenari. Gainera, gauzak agertzen zaizkigun bezalakoxeak direla sinesten dugu. Eta normala da; izan ere, lehen esan dugun bezala, pentsatzeak ahalegin handia eskatzen du, eta errazagoa da aurrera egitea hausnartzearen ekintza garestia gure bizitza jada korapilatsuei erantsi beharrik gabe.

Ederki, baina zer gertatzen da nirekin? Jaits gaitezen gure bizitza indibidualaren mailara, eta laburbil ditzagun aurreko argudioak. Beraz, gizarteari eta kulturari esker, bizitzari aurre egin diezaioket supermerkatuekin, autobusekin, arropa eta aterpearekin, baita portaera-erreferenteekin ere. Ondo, ezta? Gainera, hizkuntza dut pentsatzeko eta komunikatzeko, arteak gozatzeko eta entretenitzeko, eta ospitaleak sendatzeko, gaixotzen banaiz. Bikain. Oraingoz, nire gizarteak eman dizkidan bideei jarraitu besterik ez dut. Erraza.

Edo ez hain erraza. Gizarteak ematen dizkidan konponbide guztiak ez dira onak. Batzuetan, gainera, jatorrian baliotsua izan zen erakunde bat zaharkituta eta baliorik gabe gera daiteke, eta, hala ere, iraun dezake, testuingurutik aterata eta alferrikako, edo, are, kontrako ondorioak dakartzala.

Gizartea tematuta egon daiteke niri baliabide horiek guztiak ematen, baina, azken buruan, niri neuri gertatzen zaizkit baliagarri edo ez. Filosofooi gauzak are gehiago korapilatzeko, egia ez da beti baliagarria, faltsutasuna nahitaez alferrikakoa ez den bezalaxe.

Galtzea erraza den gauza-nahaspila honetan guztian, komeni da gutxieneko nozio batzuk edukitzea gure ezagutzeko aparatuak nola funtzionatzen duen jakiteko. Hala, ohartu ahal izango gara zerk ez duen ondo funtzionatzen, edo zerk ez duen funtzionatzen guk uste bezala, eta nahasten gaituzten geruza horiek kentzen joango gara, Egiara gero eta gehiago hurbiltzeko —nahiz eta jakin hori ezinezko zeregina dela, eta astoa gidatzen duen azenarioaren antz handiagoa duela—. Goazen, bada, gure ezagutza ezagutzeko orduan garrantzitsuak diren ideia batzuekin.